Auto gutxiago eta garraio publiko gehiago espero dute RD932 errepideko obrak bukatzean
Obrak eginen dituzte 2025eko irailaren 22tik goiti Baionako ateratzean, Compagnet biribilgunetik Basusarriko Makila golfeko biribilguneraino.
Tram’busaren bidea eginen dute RD932 bidean eta pasabide bat eraiki behar dute ere errepidearen azpian, oinezkoak alde batetik bestera pasa daitezen.
230 tokiko aparkaleku bat eginen dute ere, T2 linea Makilaraino iristeko. Honela, Tram’busak 10 minutu emanen ditu Makilatik Technocité-raino eta 20 minutu Baionako hiri erdiguneraino.
Gaur egun 29.000 auto pasatzen dira egunean errepide horretatik, udan momentu batzuetan 35.000 auto izan daitezkeelarik. Obra hauek eginez, helburua da kopuru hori apaltzea.
Lanak irailaren 22an hasi eta 2026ko ekainera arte luzatuko dira eta 2.400.000 euroko kostua izanen dute. Departamenduko kontseiluak eta mugikortasun sindikatuak ordainduko dituzte.