Xiberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herri abantxu guztien izenen jatorria euskalduna izanik, zergatik frantsestu... izenaren jatorriak zentzua galtzen du
Xiberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko hainbat herrien sartzeetan diren herrien izenen frantses idazkerak ezabatu ditu Euskal Herrian Euskaraz-ek. Frantsestuak izatea inperialistatzat jotzen dute.
Herrien euskarazko eta frantsesezko izenak erabiltzen dira, baina izen ofizial bakarrak frantsesezkoak dira, eta biak erabiltzen direlarik, bide seinaleetan adibidez, lehentasuna frantsesezkoei emaiten zaie. Hori zapaltzailea dela salatzen du EHE-k.
Euskal ortografiarekin idatzitako izen batzu frantsesez ahoskatzean, ez da euskarazko ahoskerarekiko ezberdintasunik eragiten, baina hala ere frantses ortografiarekin idatziak dira, adibidez Banca / Banka. Irrigarria dela dio EHE-k.

Izenen frantsestearen ondorioz, euskarazko eta frantsesezko ahoskerak gehienetan ezberdinak dira, adibidez Bustince / Bustintze. Eta hori kaltegarria da EHE-entzat.

Horrez gain, izen ainitzen jatorria, tokiaren izaerari lotua da eta ondorioz izen horiek euskaraz erran nahia badute, aldiz frantsestuak direlarik ez dute erran nahirik. Adibidez “Larresoro”, “larre” eta “soro”-tik dator, aldiz “Larressore”-ek ez du erran nahirik. Zentzugabea dela salatzen du Euskal Herrian Euskaraz-ek.
Horiek hola, herrien izen euskaldunak frantsestea, euskara eta euskaldunak gutxiestea da. Begirune eskas hori Ipar Euskal Herriko bide bazter guzietan da, herrien frantsestutako izenak seinale tauletan idatziak direlako eta izen hauen ondoan edo azpian doazelako izen euskaldunak. Adeigabea, EHE-en erranetan.
Euskarari eta euskaldunei zor zaien begirunegatik, eta euskararen erabilpenaren egoera larriagatik, Xiberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izaitea eskatzen du Euskal Herrian Euskaraz-ek.
Horrela, euskara ez dakitenek euskal ortografia eta ahoskera ikas ditzaketela, eta Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzaren ikasketan lehen urratsak eman ditzaketela gehitzen du.