2026ko udaberrian iraganen diren herrietako eta hiriguneko hauteskundeak aitzin, etxebizitza krisia geldiarazteko 17 neurri anbiziotsu proposatzen dizkie Herrian Bizi Plataformak hautagaiei
Etxebizitzaren inguruan ALDAk daraman lana goraipatu dute elkarte, eragile, hautetsi edo ordezkari ezberdinek. Auzolana deitu topaketak antolatuak zituen bi egunez Baionan, etxebizitzari loturiko hainbat problematika mahai gaineratzeko eta eztabaida eta herri mugimenduen lanari esker, aurrera begirako urratsak finkatzeko.
Azpimarratzekoa da lehenik, beste problematika bat mahai gaineratu duela ALDAk Auzolan honetan, etxebizitzetan aurki daitekeen hezetasunarena hain zuzen. 'Hezetasunak gaixotzen gaituenean' erakusketa antolatu dute, Guillaume Fauveau eta Camille Chopin argazkilariek egin dituzten argazki ezberdinen bidez. Etxeetan edo eraikinetan ikus daitezkeen hezetasun markak azpimarratu dituzte, eta horrek hainbat familien osasunean dituen ondorioak salatu. Gaelle Vincens ALDAko bozeramaileak adierazi digu, hori izanen dela hemendik goiti ere eramanen duten lan ardatzetarik bat.
Etxebizitza: zein desafio herriko bozetan?
ALDAk antolatu Auzolanaren karietara iragan diren eztabaidetarik bat izan da.
17 neurri konkretu eskatzen dizkie Herrian Bizi Plataformak 2026ko hauteskundeetara aurkeztuko hautagaiei. Horietan lehena, etxebizitza sozialak garatzea, soldata apaleko herritarrei ostatu ematea eta etxebizitza sozialen eraikuntza bultzatzea.
Emmanuelle Cosse Frantziako ministro ohia eta Union Sociale de l'Habitat erakundeko presidentea, Peio Dufau diputatua, Marie Huiban Droit Au Logement erakundeko kidea, Christophe Robert etxebizitza fundazioaren ordezkari nagusia (Abbé Pierre fundazio ohia), Gaëlle Vincens Herrian Bizi plataformako kidea mintzatu dira, Jean Luc Berho Solihako presidenteak animatu duen hitzaldian.
Bigarren etxebizitzak erregulatzen segitzea ere ezinbestekoa ikusten du Herrian Bizi Plataformak. Bigarren etxeak debekatzen dituen sektoreak sortzea, eta 2024ko azaroaren 19ko Echaniz Le Meur legea aplikatzen segitzea. Bigarren etxeak erosten dituzten pertsonek prezioak igo aratzen dituztela eta soldata ertaineko herritarrek ezin dutela herrian bizitzeko etxerik atzeman salatu du Peio Dufau diputatuak. Gogor mintzatu da:
Batzuek diote ezin dugula munduko miseria guztia errezibitu, guk diogu ezin ditugula munduko aberats guztiak errezibitu
Mublatu turistiko iraunkor bilakatzeko joera geldiaraztea ere eskatzen die Herrian Bizi Plataformak, hautagaiei: etxebizitza nagusi batean mublatu turistikoak egiteko egun kopurua 120tik 90era apaltzea, eta konpentsazio neurria gehiago hedatzea.

Laborantza lurrak babestearen inguruan ere neurri zorrotzagoak aldarrikatzen ditu: lurrik ez gehiago artifizializatzea adibidez, edota espekulazioaren aurka elkargoaren eta SAFERaren arteko hitzarmena eraberritzea, edo laborantza plantatze proiektuak dituztenentzat etxebizitza eskuratzen laguntzea.
Etxe hutsak erabiltzera engaia daitezen ere eskatzen die Herrian Bizi Plataformak hautagaiei eta azkenik, elkargo mailako lurren behatoki bat sortzearen alde aritzea.
Ainize Butron, Herrian Bizi Plataformako kidea da, neurri horiek laburbildu dizkigu:
Proposamen hau igorriko die Plataformak hautagai eta zerrenda guztiei eta erantzunak hauteskundeak aitzin ezagutaraziko ditu, herritarrek engaiamendu maila ezagutu dezaten.