Hendaia (Lapurdi)

Hotzikara EPTA-ko langileentzat Hendaian

EPTA France Hozkailu industrial ekoizlearen zuzendaritzak hemeretzi lanpostu kenduko dituela iragarri du, horietatik hamabost Hendaiatik Budapestera eramanez. Sindikatuek neurria gogor salatu dute, enpresaren egoera ekonomikoa ona dela argudiatuz.

Hotzikara EPTA-ko langileentzat Hendaian
Ehun bat langile bilduak ziren 19 lanpostu horien ezabatzea salatzeko
Esteban Bastié Aguerre
2025/03/28 16:38

EPTA France-ko zuzendaritzak 19 lanpostu kenduko dituela iragarri du, horietatik 15 Hendaiatik Budapestera lekualdatuz. Neurri horrek kezka eta haserrea eragin ditu langileen artean, batez ere enpresaren egoera ekonomikoa ona dela kontuan hartuta. 2024an 278 milioi euroko fakturazioa eta 13 milioi euroko irabazi garbia izan ditu enpresak, eta horregatik, CGT, CFDT eta CFE-CGC sindikatuek kaleratze hauek gaitzetsi dituzte.

Sindikatuen arabera, zuzendaritzak ez du denbora nahikorik eman negoziazioetarako eta beldur dira neurri honek kaleratze gehiago ekarriko ote dituen. Horregatik, langileek eta sindikatuek mobilizazio handiagoak iragarri dituzte datozen egunetan.

Elkarretratzean Urruña eta Hendaiako auzapezak eta Peio Dufau diputatua ere presente izan ziren, langileei sostengua adierazteko. Peio Dufauk iragarri duenez, gutunak bidaliko dizkio Eskualdeari eta Gobernuari, argibideak eskatzeko. Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak, berriz, lanpostu ezabaketak zalantzan jarri ditu, enpresaren osasun ekonomikoa kontuan hartuta.

Zuzendaritzak apirilaren 7ra arte du erantzun bat emateko. Bien bitartean, mobilizazioak ugarituko direla iragarri dute sindikatuek, eta langileek borrokan jarraitzeko prest daudela azpimarratu dute.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu