"Bake justu eta iraunkor baten bidean" lemapean egin zuen azken ekitaldia Bake Bideak. 100 bat pertsona bildu ziren ostiral arratsean Euskal Elkargoaren Baionako egoitzan, 14 urte hauen bilana egiteko eta etorkizuneko erronkak zehazteko.
2011ko Aieteko konferentziaren biharamunetan sortu zen Bake Bidea, eta ETAren armagabetzea bururaino eraman ondoren, ekinbidea eteteko garaia dela adierazi du. Véronique Dudouet, Berghof fundazioko presidenteak hartu zuen hitza, Euskal Herrian bake justu eta iraunkor batera heltzeko abiatu den bidea eredugarria dela azpimarratuz. "Euskal eredua" aipatu du, Tailandia Hegoaldean eredu izan daitekeena edo kurduentzat ere pistak eman ditzakeena.
Ezohiko armagabetze modu bat asmatu dugu
Jean Pierre Massias, Louis Jouanet institutuko buruak ere hartu zuen hitza eta lehenik eskerrak eman dizkio Anaiz Funosasi, hainbeste urtez eraman duen lanarentzat. Eskerrak ere, Bake Bideak Jouanet institutuaren esku utzi baitu bere artxibo guzia. Eta hain zuzen, memoriaren inguruan bilketa lan bat abiatzera engaiatu da Louis Jouanet institutua eta txosten bat plazaratuko du urte bateko epean. Horrez gain, memoriaren etxe bat eraikitzeko xedea badela Hiriburun jakinarazi du ere Massiasek.
Baionako adierazpenaren sustatzaile izan ziren hainbat hautetsi bildu zituen ere mahai inguruan Bake Bideak: Alice Leiziagezahar, Max Brisson, Alain Iriart, Jean René Etxegarai eta Frédérique Espagnac. Bakoitzaren tendentzia politikoetatik at, elkarrekin lan egiteko gai izan direla azpimarratu dute eta etorkizunerako ezinbestekoa dela belaunaldi berriei transmisioa egitea, bake prozesuaren erreleboa har dezaten. Oraindik bide luzea dela egiteko, preso eta iheslarien gaia behin betiko konpondu behar dela eta geroan euskararen gaia eta Euskal Elkargoaren bilakaerarena ere kontuan izan beharreko gaiak direla oroitarazi dute hautetsiek.