Euskararen Erreferentzia Corpusa sortu du Euskaltzaindiak. Hitzen liburutegi handi bat da corpus bat, euskararen gaur egungo erabileraren berri ematen duena. Testuak, prentsa artikuluak, liburuak edota gidoiak biltzen ditu. Ipar Euskal Herriko euskalkien lagina biltzeko Herria eta Ipar Euskal Herriko Hitza aldizkarietako testuak, edota Maiatz argitaletxeko eta Sü Azia elkarteko argitalpenak hartu dituzte oinarritzat. Egungo euskara islatzeko xedearekin, gai anitzen, euskalki guztietako eta publiko mota guztiei zuzendutako testuak kontuan hartu dituzte. Bertan bilaketak egiten ahal ditu edonork. Analisi linguistikorako, ikasketa automatikorako edo ikerketan hipotesiak baliozkotzeko baliatu ahal izanen da, besteak beste. Corpus dinamikoa izanen da, urtero eguneratuko baita, bai edukiz eta bai oinarri teknologikoz.