Donibane Lohitzuneko Poliklinikako langileek greban segitzen dute ostegun honetan, laugarren egunez. Salatzen dute lan baldintzak gero eta prekarioagoak direla, eta horrek eragin zuzena duela haien osasun fisiko eta mentalean. Hala ere, atzo zuzendaritzarekin bilkura bat egin zuten grebalariek, eta hainbat aldarrikapen onartuak izan dira.
Bitartean, larrialdien zerbitzuaren geroaz aritu ziren hainbat eragilek. ARS Eskualdeko Osasun Agentziaren zuzendariak agiri bat plazaratu du goiz honetan, atzo egindako bilkuraren ondotik. Bilkura horretan parte hartu zuten prefeta, tokiko diputatuak, hautetsiak eta Poliklinikako zuzendaritza.
ARSak eta Peio Dufau, 6. hautesbarrutiko diputatuak, adierazi dute urgentzien zerbitzua bermatzeko neurri guztiak hartuko dituztela, eta beharrez gero, Poliklinika legearen arabera behartuko dutela zerbitzua segitzeko. Dufauek nabarmendu du errudun bakarra badela egoera honen atzean: Poliklinikako zuzendaritza, hain justu.
Azkenik, ARSaren arabera, 2024an egindako auditoretzak argi uzten du larrialdi zerbitzuaren jarduerak ez duela arrisku finantzariorik ekartzen Poliklinikarentzat. Agentziaren zuzendaria zuzendaritzarekin bilduko da datozen egunetan.