Batera plataforma berriz aktibatu da, eta maiatzaren 10ean Ezpeletan eginen den biltzar nagusi berritzaile baten bidez, Euskal Herriko eremu instituzionalaren garapenean sakontzea du helburu. Nikolas Blain bozeramailearen hitzetan, mugimendu herritarra berpiztu nahi dute lurralde kolektibitatearen alde, indar harreman berri bat eraikitzeko hautetsien eta Parisen aitzinean.
2002tik 2017ra, Baterak lau aldarrikapen nagusi bultzatu zituen: euskararen ofizialtasuna, Ipar Euskal Herriarentzako unibertsitate bat, laborantza ganbara eta estatus bereziko lurralde kolektibitatea. 2013ean ordezkari politikoen bi herenek, Baionako CCI Merkataritza eta Industria Ganbarak eta herri elkargoen Biltzarrak bat egin zuten galde horrekin. Prozesu luze baten ondotik, 2017an sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa, lorpen horren fruitu.
Hirigune Elkargoari esker "Euskal Herriaren esistentzia administratiboa" aitortu dela uste du Baterak. 158 udalerriko eremuan 21 eskumen kudeatzea erdietsi dute, baina denborarekin "tresna egokiago" baten beharra baieztatu delakoan da plataforma. Hori dela eta, estatus bereziko lurralde kolektibitate baten alde lan eginen du Baterak, lurraldearen erronkei buru egiteko gaitasuna duen erakunde bat eratzeko. Horien artean gizarte eta etxebizitza arloko eskumenak. Preseski, besteak beste, gai horiek izanen dira maiatzaren 10eko biltzar nagusiaren giltzarri nagusiak.