Bigarren Mundu Gerlaren Europako amaieraren 80. urteurrenaren karietara, Franck Dolosor kazetariak euskal gudari talde bati buruzko liburu berria plazaratu du: Gernika Batailoia, Askatasunaren Ametsa.
Gernika Batailoia, Askatasunaren Ametsa liburua aurkeztu berri du Gernikan Franck Dolosor kazetari eta idazleak. Bigarren Mundu Gerla Europan amaitu zenetik 80 urte betetzen direla eta, omenaldi moduan argitaratu du lana, euskaraz, Pamiela argitaletxearen eskutik.
Gernika Batailoia Frantzia askatzen lagundu zuen euskal borrokalarien talde eredugarria izan zen. 1945eko apirilean Pointe de Graven Alemaniako azken soldaduei aurre egin zien, eta Gernikako bonbardaketaren mina duintasun bihurturik, askatasunaren aldeko borrokan jarraitu zuten.
Liburua idazteko, Dolosorrek lehen aldiz argitaratu diren argazki, agiri eta lekukotasunak bildu ditu. Ez da ordea lehen aldia kazetari senpertarrak gai hau jorratzen duena: 2015ean, Iban Gonzalez zuzendariarekin batera, brigada honi buruzko dokumentala egin zuen. Oraingo lana, bere hitzetan, dokumental horren segipen modukoa da.
Kazetariak azpimarratu duenez, testigantzak biltzean gaur egungo munduaren egoerarekin paralelismoak egitea ezinbestean agertu zaio.
Liburua liburu-dendetan edo Pamiela argitaletxearen webgunean eros daiteke. Dokumentala, berriz, urririk ikus daiteke EiTBren webgunean, nahieran.