Korrika Euskal Herrian, La Passem Okzitanian eta Ar Redadeg Bretainian... Hiru lasterketen arteko estrategia amankomunak aztertzeko bilkura egin zuten ordezkariek joan den asteburuan Bretainian, Rennes-en. Euskal Herritik bertan izan ziren AEKko eta Korrikako ordezkariak. Orain arte bazuten lotura bat hiru lurraldeen artean baina ez zen deus formala. Gauzak konkretuago bilakatu nahi izan dituzte aldi honetan.
Korrikaren ereduarekin sortu zituzten La Passem eta Ar Redadeg baina Korrikak ere baditu ideiak hartzeko haiengandik: digitalizazioan edo komunikazio arloan adibidez. Korrikara Okzitaniako eta Bretainiako ordezkaritza bat etortzea aurreikusten dute eta gauza bera egitea ere Bretainian edo Okzitanian direlarik lasterketak. Horrez gain, Frantziako estatuari begira elkarturik agertzearen garrantzia ere azpimarratu zen bilkuran. Heldu den urtean garai bertsuan iraganen direla hiru lasterketak: Korrika, Ar Redadeg eta La Passem, martxotik maiatzera.