Ihintza Arrieta Imatz

·

Monbarreko erahilketen lekukoa

«GALek erahildako biktimen familiek aitortza mezezi dute»

GALek erahildako biktimen familiek aitortza mezezi dute
Ihintza Arrieta Imatz Euskal Irratietako kazetaria Monbar hotelean gertatu erahilketen lekuko izan zen 1985ean.
Kriztof Arotzarena
2025/07/02 15:03

12 urte zituen Ihintza Arrieta Imatz Euskal Irratietako kazetariak lau iheslari erahil zituelarik GALek Baionako Monbar hotelean 1985-eko irailaren 25ean. Erahilketa gertatu 15 minutu lehenago lau biktimekin egon zen bere ama eta bere anaiarekin. Etxerat itzuli zirenean eman zieten gertakariaren berri. Orotara 27 pertsona erahil zituen GALek 1983 eta 1987 artean, kasik denak Ipar Euskal Herrian.

Monbar: egia, memoria eta aitortza
40 urte berantago, egia osoa nahi dute gertakari larri horiek hunki zituzten militanteek, senideek eta auzokideek. Egia zor zaiela bereziki biktimei azpimarratzen dute oroitaraziz Espainiar Estatuak eta bere aparatuek euskal militanteen kontra legez kanpo antolatu zutela jarduera hori Ipar Euskal Herrian. Eta orduko Frantziar Estatuak gertakari lazgarrietan izan zuen inplikazioa ezagutzeko beharra eta eskubidea duela oraingo jendarteak diote.

Asteazken huntan (uztailaren 2an) Baionako Patxa Plazan bildu diren herritarrek argi dute memoria historikoa landu, biziarazi eta transmititzea ezinbestekoa dela. Gatazka politikoan Espainiar eta Frantziar Estatuek erabilitako bortizkeria ez dela estali behar adierazi dute. Azken urtetan Euskal Herrian bake prozesuan urrats garrantzitsuak eman direla diote, bainan oraindik gatazkak eragindako ondorioak konpontzeko bidea egitekoa dela gehitu dute. Ildo horretan, biktima guzien aitortzaren bidean, Estatuen bortizkeriak eragindako biktimek errekonozimendua behar dutela aldarrikatu dute.

40 urtez oroitzen ekimena antolatu dute aurten. Irailaren 19an mintzaldia antolatuko dute Baionako Bitxoko elkartean. Eta Irailaren 25ean Memoriaren ibilaldia eta Ekitaldi Nagusia iraganen dira Baiona Ttipiko karriketan.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu