Peio Dufau Hego Lapurdiko diputatu abertzaleak kargua hartu zuenetik urtebete iragan da, eta bilana egiteko tenorea heldu zaio. Fronte Popular Berriak aitzina segituko duela adierazi du Goiz Berri emankizunean, nahiz eta "pertsonalismoak badiren tarteka", gehitu du.
Uztailaren lehenean Frantziako Asanblada Nagusian aurkeztuko den zentsura mozioa ez dela aitzinera aterako uste du, "eskuin muturrak akordio bat baduelako Bayrou lehen ministroarekin, aurrekontuak onar daitezen". Bederen udazkena arte ez du uste gobernua kargutik kentzeko aukerarik izanen denez.
Bestalde sozial arloan murrizketa gogorrak jinen direla uste du Ziburuko diputatuak, eta zenbait adibide eman ditu: "Hendaiako Denentzat zentro soziala eta Donibane Lohizuneko Sagardian, egoera larrian dira, eta elkargune hauek berebiziko garrantzia dute".
Hendaiako Denentzat zentro soziala eta Donibane Lohizuneko Sagardian, egoera larrian dira, eta elkargune hauek berebiziko garrantzia dute
Donibane Lohizuneko poliklinikaren urgentzia zerbitzuaren hestearen mehatxuaz ere mintzatu da Goiz Berri-n Peio Dufau. "Afera horren erantzule nagusia poliklinikako zuzendaria da. Asteazkenean prefetarekin dugun bilkuran bere dimisioa galdeginen dugu" gehitu du Dufauk.
Euskararen egoera biziki larria dela ere nabarmendu du diputatuak, eta Estatuak EEPri eman dion sos kopuru gehigarria, "biziki" apala dela dio, eta Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamentuko presidentearen eskua ikusten du delibero horren gibelean.